Hauxe da artikuluaren testua:
Batzuetan bada memelo mesfidatiren bat, beldur eta zalantzetan
murgildutako koldar dardaratiren bat, aisialdi aspergarrietan
zimeldutako atsoren bat, letagin okerreko trafikatzaile-zerriren
bat, zeinek, milikeriak eta ñabardurak eginez, ahotik baba
dariola, begi okertuez, eta hatz erakusle okerrarekin eta zalantzati
guregana zuzendu eta zera aurpegiratzen digun: Zuek! nor zaretela
uste duzue zuek? zer nahi duzue zuek?
A ze astakirtenak! A ze itsuak! Gu zer eta nor garen hain argi
eta garbi dago! Gu garenak gara. Bizi garenak, mugitzen garenak,
martxan gaudenak, gure anai-arreben presondegietako barrak hausten
ditugunak, hesiak eta hormak eraisten ditugunak, dantzatzen dugunak,
abesten dugunak, barre egiten dugunak, borrokatzen dugunak. Azken
finean, gu irabazten dugunak gara. Ahal dugulako. Eta nahi dugulako.
Gu, mundua aldatu arte eta, burges-inperioa suntsituz, dagokion lekuan jarri arte, etsitzen ez dugun eta etsiko ez dugun horietakoak gara. Borrokatuz eta saiatuz, beharrezkoa den mundu berria egiten dugunak gara. Badakigunak sozialismoa ez dela, gaur, itxaropena, nostalgia, utopia edo etorkizunean lor daitekeen zerbait; ezta soilik zerbait komenigarria eta beharrezkoa, derrigorrezko zerbait baizik, guztiz biziraupeneko arazoa, hain zuzen: sozialismoa ala basakeria; eta, gaur egun, sozialismoa ala Iberdruero. Sozialismoa ala Martin Villa. Sozialismoa ala tortura. Sozialismoa ala neutroiak.
Guk badakigu konputagailuz eta misilez hornitutako basati berri-berriak
beren izaeraren eta historiaren jabe diren herriek geldiarazi
ditzaketela soilik; eraiki nahi duten etorkizunaz ziur dauden
herriak izango dira horiek, beste batzuen agindupean bizi nahi
ez duten herriak, hain zuzen. Guk badakigu norberaren hizkuntza
odol berdea dela, herri baten bizigarria, bere bizitza askearen
baldintza; eta, jakin, badakigu, bere hitzak aitona-amonen hitz
maitagarriak direla, nekazari, abeltzain, proletario eta langileen
hitzak (jazarriak eta zapalduak baina indartsuak eta biziak) direla,
hitz ozen, garbi, maite eta sakon horiek direla, azken batean,
herri batentzat armarik preziatu, erabakigarri eta beharrezkoenak.
Jakin, badakigu aizkorak eta aitzurrak, palak eta pikatxoiak,
pistolak eta ezpatak erabiltzen dituzten eskuak pentsatutako hitzek,
entzundako hitzek eta gogoratutako hitzek bultzatutako, mugitutako
eskuak direla beti.
Gu etorkizuneko haziak gure orainaren haragietan landatuta eta
sustraituta daudela dakigunak gara. Gu itxaroten dauzkagun etorkizun
aske, alternatibo eta osoak gure eguneroko praktikaren bidez gauzatzen
ari direla dakigunak gara.
Gu etorkizun horiek geldiezinak direla dakigunak gara. Menperaezinak
dira, jakin, badakigulako ezin direla erosi, ezta saldu ere. Ez
baitira serietan doazen etorkizunak, kontsumitzaileari trokelatuak,
paketatuak, ontziratuak, etiketatuak eta iragaziak kalkulatutako
murrizketa batekin, zaindariei ordaintzen, jazten eta oinetakoak
jartzen (eta armaz hornitzen) dizkietenei eta zaindariei beraiei
aberasteko.
Gure etorkizun aske eta ugari horiek geldiezinak dira gureak direlako,
hain justu. Gure etorkizunak dira. Gure eskuekin egiten eta lantzen
ditugu, artisauen pazientzia eta baratzezainaren zainketa eta
arretarekin. Gure historian, kulturan, herrian sartuta ditugun
sustraien zainetatik irakiten eta ateratzen zaigun bitsaren poztasun
basati eta irudimen oparoarekin.
Gu klase-bloke dominatzailea menperatuko dugunak gara. Lepoa okertzen ez dugunak ez eta lepagaina makurtzen dugunak, sisteman sartutako eta sistemak laudatuako, goretsitako eta txalotutako koldarrek, desklasatuek, integratuek, moderatuek konbertituek eta damututakoek ez bezalaxe. Guri ez zaigu gertatuko Marcelino eta Nicolási jazotakoa; guri ez digute inoiz esango -traizioaren ordainketari uko egitean, "herriak ez diela traidoreei ordaintzen". Ez baikara inoiz Camacho eta Redondo bezalako "langile-saltzaileak" izango;langile-klaseari ez diogulako inoiz traiziorik egingo. Gure herriari ez diogulako inoiz iruzurrik egingo. Gure hitza beteko dugulako beti. Borrokatzen dugun Konstituzioa ez dugulako inoiz babestuko.
Horregatik ari gara irabazten.
Horregatik digute beldurra.
Ordaintzen ez digutelako jotzen gaituzte.
Erosten utziko bagina berehala ordainduko gintuzkete.
Ez gaude, ordea, ez errentan ezeta salgai ere.
Gu guztiok guretarra ote garen ala ez ez dugu zalantzarik.
Aski zaigu jakitea beraien taldekoak ez garela.
Gu garela.
Herriaren batasuna.
Eta irabazten ari garela.
Gu.
Justo de la Cueva
LORBIDEk itzulia euskarara